Dindaia Fundazioa 2004 urteko azaroan sortu zen. Hiru urte lehenago, hezkuntza arloan eta euskararen normalizazio arloan ziharduten zenbait lagunek euskarazko aisialdiko eskaintza kalitatezkoa eta hezitzailearen beharra ikusi zuten. Rikardo Ederrak erronkari heldu eta Dindaia Fundazioa sortzeko bideari ekin zion. Mota guztietako ekintzak burutzen ditu Dindaiak aisialdiaren arloan, aisialdia integralki garatzeko ekintzak, haurren garapen prozesua ahal den eta orekatuena izan dadin.
Psikologia lizentziadunak, gizarte langileak, haur hezkuntzan gradudunak eta helduen alfabetatze eta euskalduntzean aritutako pertsonez osatutako lan talde sendoa dugu.
Ibilbide luzea du Dindaia Fundazioak. Zoritxarrez bidean Rikardo Ederra galdu dugu, baina bere ideiak eta helburuak jarraitzeko konpromiso irmoa man- tentzen dugu.
Dindaiaren jasotzaile nagusiak haurrak dira, nahiz eta gaztetxo eta helduentzat ekintzak antolatzen ditugun ere.
Aisiaren arloan gure programa nagusia Aixe-aisialdia da: D ereduko ikastetxeetan eskolaz kanpoko ekintzak kudeatzen ditugu, bi helbururekin: euskararen erabilpena sustatu eta aisialdiaren kalitatezko eskaintza bermatu. Oporretan Udalekuak eta Hiri Tailerrak antolatzen ditugu. Nafarroako zenbait herritan ludotekak kudeatzen ditugu, astean bi edo hiru orduz. Asteburutan tailerrak eta eta oporraldietan udaleku irekiak eskaintzen ditugu.
Formazioa ere eskaintzen dugu, aisialdiko begiraleentzat eta gurasoentzat.
2021etik Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenari esker Euskaraz Kilika programa eramaten dugu aurrera, onlineko zein aurrez-aurreko proposamena euskarazko elkarrizketak sustatzeko.